3.4. Jarduera
Zeregina | Beharrizanen aukeraketa eta diru irteeren azterketa eta aurreikuspena
Aurreko zereginean diru sarrerak estimatu ondoren, orain aurrekontuko irteeren estimazioa egiteko txanda iritsi da. Proiektuko irteerak osatuko duten gastu eta inbertsioak aurreikusteko hainbat alderdi kontutan hartu behar direla ikusiko duzue zeregin honetan.
1. Musikari bakoitzak bere musika instrumentua daukala kontutan hartuz, pentsa ezazue musika taldeak bere erronkari aurre egiteko beharko lituzkeen bestelako beharrizanak eta zerrendatu itzazue. Beharrizan horiek, aurrekontuko irteeren (gastuak eta inbertsioak) osagai nagusiak izango dira. Lana osatzeko, ondoren proposatzen zaizkizun atalak eta euskarriak erreferentzi moduan baliatu ditzakezue. Lanerako erabili Talde izendatua dinamika
- Oinarrizko soinu ekipamenduaren inbertsioa. Rider teknikoaren inguruko informazioa orri honen barruan
- Zuzeneko emanaldi bati begirako gastuak
- Entsaiurako lokala eta horri lotutako gastuak (argia…)
OHIKO GASTUA ETA INBERTSIOA
Gastuaren eta inbertsioaren arteko funtsezko aldea horietako bakoitzetik espero den itzulkina da. Inbertsioan etorkizunean errendimendua lortzea espero den bitartean, gastua ondasun edo zerbitzu baten truke dirua erabiltzea da.
2. Musika taldeak bere proiektua garatzeko dituen beharrizanei aurre egiteko, irizpide ekonomikoak hartu behar dira kontutan, baina horiek ez dira irizpide bakarrak. 3.2. zereginean aztertu duzuen kontsumo arduratsu eta jasangarriaren haritik tiraka, bestelako irizpide batzuei garrantzia ematea funtsezkoa dela argi dago. Kultur proiektu bat izanik, jasangarritasunaren ideia bere osotasunean jasotzea beharrezkoa da: kultur proiektu batek gizarteari ekarpena egiten dio eta aldi berean gizarteak kultur proiektua elikatzen du.
¨Kultura eta jasangarritasuna¨ informazio testua irakurri ezazue irakurketa partekatua teknika baliatuz eta bertako ideiak abiapuntu hartuz, eztabaidatu eta hausnartu ezazue taldeko beharrizanak eskuratzeko irizpide desberdinen inguruan. Eztabaidarako puntuetako batzuk honakoak izan daitezke. Baliatu bi zutabeak teknika galderek planteatzen duten aukeren inguruko eztabaida egiteko:
- Beharrezkoa da soinu ekipamendua erostea edo emanaldi bakoitzerako alokatuko daiteke?
- Soinun ekipoa erosi ezkero: Interneteko saltzaile handien (Amazon adibidez) orrien bitartez merkeago erosi edo herrian edo eskualdean dagoen dendan erosketa egin, azken hau garestiago izan arren?.
- Musika eta soinu ekipamenduaren garraiorako zein aukera baliatu? Furgoneta alokairua edo gertuko ezagun baten laguntza?
- Entsaiu lokal propioa eduki edo beste talde batzuekin lokal bat eta horri lotutako gastuak (argia…) partekatu, horrek dakarren abantaila eta desabantailekin (ekonomikoak, zein elkarbizitza eta antolaketari lotutakoak)?
- Taldeak bere jardunarekin transmititu nahi duenaren ideia: gizartearekiko konpromisioa azaldu nahi du edo mezuari garrantzi gehiegi eman gabe, bestelako atalei garrantzia eman (modako erritmoak, joerak e.a)?
3. Aurreko eztabaidaren ondorioak baliatuz, idatzi ezazue musika talderako erreferentzia moduan baliatu daitekeen proiektu kultural jasangarri baten proposamena. Bertan batetik, gertuko edo inguruko zer baliabideen aukerak balioetsi ditzaketen eta bestetik, beraien jarduteko moduekin (mezu eta jokamoldeekin) gizarteari zer ekarpen egin edo balio transmititu diezaioketen adieraziko diezue.
KULTURA ETA JASANGARRITASUNA
Ikuspuntu modernotik, Alexander von Humboldt (Berlin, 1769-1859) izan zen jasangarritasunaren ideiaren aitzindaria. Hura izan zen natura osotasun gisa eta elkarri lotutako eta elkarren mendeko sare gisa ulertu zuen lehenengoa. Ordura arte, aurrerabidea gizakien esku-hartzearekin erlazionatzen zen, gizakiak ordena eta harmonia jartzen zituelako natura basatian. Humboldtek esku-hartze horren arrisku posibleak antzeman zituen. Gizakien esku-hartzeak mugak izan beharko lituzkela argi ikusi zuen, inguru naturalean dituen ondorioengatik.
Gizarteak ia bi mende behar izan zituen ideia horiek barneratzeko. Gaur egun nazioartean dagoeneko onartuta dagoen jasangarritasunaren definizioa honakoa da: “gaur egungo beharrizanak asetzeko gai den garapena, etorkizuneko belaunaldien beharrizanak asetzeko gaitasuna kolokan jarri gabe”. Definizio horrek hiru dimentsio bildu izan ditu, ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa eta 2001ean, Jon Hawkes ikerlari eta aktibista australiarrak laugarren zutabe bat gehitu zion: kultura.
Kulturaren eta sorkuntzaren prozesuek lotura sozial berriak sorrarazteko gaitasuna dute, eta, ondorioz, gizarte inklusibo, kohesionatu eta askotarikoagoak eratzen dituzte. Garapenak ezin du jasangarria izan alderdi sozial hori gabe, eta zutabe horren euskarrietako bat kultura da.
Kultur jardunek gizarte-bazterketa murrizten laguntzen duten plataformak eskaintzen dituzte; izan ere, sare sozial inklusiboak sendotzeko balio duten harreman- eta ezagutza-espazioak sorrarazten dituzte (gizarte inklusiboagoa)
Kultur ekintza kolektiboak talde bateko kide izatearen sentimendua sendotzen du. Esperientziak partekatzearen ondorioz, sareak eta konplizitateak osatzen dira, eta isolamendu sozialerako joerak konpentsatzen dira (gizarte kohesionatuagoa).
Kultura aniztasunarekiko errespetutik eraikitako bidezko garapenaren eragilea da. Alde horretatik, kultur ekintza jasangarria izango da, soilik egungo dibertsitate soziala islatzeko gai bada (gizarte askotarikoagoa)
Hori guztia kontutan hartuta, proiektu kultural jasangarri bat osatzeko, gertuko baliabideak eskaintzen dituzten aukerak balioetsi eta proiektuak garatu nahi dituen balioak aztertu beharko ditu.
Iturria: Kultura eta jasangarritasuna.2019. Kulturaren Euskal behatokia. Moldatutako testua
4. Aurreko zereginetan aztertutako beharrizanak eta jasangarritasun irizpideak kontutan hartuz, osa ezazue Taldeko bideragarritasun ekonomikoaren azterketa kalkulu-orrian, Irteerak atala, horretarako bigarren erlaitza bat baliatuz. Atal horretan ohiko gastuak eta inbertsioak azpi-atalak bereiztu beharko dituzue. Lan osatzeko bilatu sarean edo zuen herri edo eskualdeko hornitzaileen bitartez, oinarrizko soinu ekipamendu, soinu teknikari, lokal baten alokairua … eta antzeko gastuen inguruko informazioa. Sarean informazioa bilatzen baduzue gogoratu bere egokitasuna balioestea.
Informazioaren egokitasuna balioesteko prozedura
5. Errepasa ezazue egindako lana 2.3 ataleko planifikazio taularen bitartez eta beharko balira doiketak egin. Horrez gain aurreikusi hurrengo zeregineko lanketa.