EZAGUTZAK BILDU
Egitasmoa planifikatu ondoren planifikatutakoa gauzatzen hasteko unea iritsi da. Erronkaren eskakizunari aurre egin ahal izateko, ezagutzak bilduz hainbat zeregin burutu behar dituzue. Hauei erantzunez eta hauen inguruko ebaluazioa eginez, bideoaren eduki nagusiak eskura izango dituzue!
3.1 Jarduera
Egitasmoaren finantziazio bideak arakatzen
Egitasmo baten burutzeak bideragarritasun ekonomikoa aztertzea dakar berarekin ezinbestean eta horrek finantziaziorako diru iturrien premia. Baina nola lortu beharrezkoa den dirua? Zein bide egon daitezke?
Musika taldearen egitasmoa aurrera eramateko eta egin beharreko inbertsio zein diru gastuei aurre egiteko, diru sarrerak nondik eta nola lortu daitezkeen jakitea garrantzitsua da. Zeregin honetan horren inguruko informazioa jasoko duzue.
1. Talde txikian batuz eta orri birakariaren teknika baliatuz, pentsa ezazue momentu batean edozein egitasmo edo proiektu aurrera eramateko diru iturriak, nondik eta nola lortu daitezkeen. Zerrenda itzazue aukera horietako batzuk.
2. Irakurketa partekatua dinamikaren bitartez, irakurri ´Egitasmo baten ideia garatzeko finantziazio bideak´ informazio testua eta erantzun honakoei talde txikian arkatzak erdira teknika baliatuz
- Informazio testuan egitasmo bat aurrera ateratzeko finantziazio bide desberdinak agertzen dira. Aztertu aukera horiek eta musika taldearen egitasmoa finantziatzeko aukera horietako bakoitzak izango lituzkeen alde onak eta zailtasunak jaso.
3. Bilatu sarean Euskal Herrian Crowdfunding bitartez sortu edo sortzeko bidean egon daitezkeen proiektu batzuk eta egitasmoen xehetasunak jaso (proiektuaren helburua, nork eskatzen duen, crowfundingarekin lortu nahi den diru kantitatea…)
4. Ezagutzen duzue zuen eskualdean proiektu edo egitasmoak martxan jartzeko laguntzak eskaini ditzakeen garapen agentzia edo ekintzailetasuna bultzatzen duen sehaska fundaziorik? Jaso ezazue horren inguruko informazioa.
5. Hain egitasmo handietara jo gabe ziur zuek ere zuen Ikastetxean egitasmo txikiak aurrera eramateko ekintza desberdinetan parte hartu duzuela. Zerrendatu itzazue horietako batzuk.
6. Amaitzeko eta musika taldearen proiektura itzuliz, pentsa ezazue aurrekoen artean zein izan daitezkeen, musika taldearen proiektua aurrera eramateko finantziazio bide edo aukerak eta proposamen bat idatzi. Gogoratu horrelako informazioak baliagarriak izan daitezkeela amaieran sortuko duzuen bideorako.
Egitasmo baten ideia garatzeko finantziazio bideak
Ziur zuetako norbaiti etorkizunean egitasmo bat garatzearen inguruko ideia burura etorriko zitzaiola noizbait. Ziurrenik ideia horrek berarekin batera amets egiteko aukera eskainiko zion, baina baliteke baita ere berehalakoan, egitasmoa aurrera eramateko diru iturrien mamua azalduko zitzaiola. Zer bide dauzkagu diru iturriak lortzeko?
Pertsona edo talde bat ekintzailea izateko, egitasmo edo ideia bat izateaz gain, ideia hori errealitate bihurtuko duen proiektu bat aurrera eramateko gai izan behar da. Proiektu bat martxan jartzeko orduan ekintzaileek aurre egin behar dieten oztopo nagusietako bat, hori gauzatu ahal izateko beharrezko diru iturria lortzea da, finantziazioa alegia.
Finantziazio bideak desberdinak izan daitezke eta egitasmoaren beharrizanen arabera, horien azterketa egitea beharrezkoa da biderik egokiena zein izan daitekeen erabakitzeko. Finantziazio aukera desberdinen artean honakoak aipa daitezke:
- Erakunde publikoen laguntzak. Gure hurbileko erakunde publikoek zein urrutiagokoek, gazteen proiektuak eta ekintzailetasuna bultzatzeko planak edo beka deialdiak edukitzen dituzte. Erakunde publiko horiek honakoak izan daitezke:
-
- Udalak
- Aldundiak
- Erkidegoak
- Estatuak
- Europar Batasuna
- Eskualdeetako garapen agentziak edo proiektu berrien sehaska izan daitezkeen fundazioak. Eskualde bateko agente desberdinek edo erakunde publikoek elkarlanean eskualdeko ekintzailetasun proiektu berriak abian jartzeko laguntza ematen duten erakundeak
- Crowdfunding. Partikularren eta inbertitzaile txiki askoren dohaintzetan espezializatutako plataformak dira, hasierako kosturik gabekoak. Internet eta sare sozialei esker, finantzaketa aukerak biderkatzen dira, baina batzuetan finantzaketa mota honek etenak izan ditzake eta horrek planifikazioak oztopatu.
- Finantza erakunde eta banketxeak. Finantza erakundeek maileguak eskaini ditzakete edo ekintzailetasun lehiaketak finantziatu. Maileguak onartzerakoan zorpetze plana argi eduki beharreko puntua da.
- Business angels edo arrisku kapitala. Hasi berria den egitasmoa finantziatzen dituzten inbertsore pribatuak edo beste kasu batzuetan enpresak dira. Hasieran diru kopuru bat egitasmoari emanez gero aurrerago egitasmoare irabazien zati bat bereganatzen dutenak. WhatsApp edo Facebook sare sozialak adibidez horrela sortutakoak dira.
- Familiakoak, hurbilekoak eta lagunak. Egitasmo bati lehen bultzada ematerakoan batzuetan familia edo hurbilekoen ekarpena jasotzen da, diru edo material moduan.
- Norberak dirua lortzeko sortu ditzakeen bestelako ekintzak. Proiektuaren ekintzaileek denboran laburrak izan daitezkeen ekintzen bitartez diru ekarpenak biltzea helburu duten sortutako ekintzak sartuko lirateke hemen.
7. Errepasa ezazue egindako lana 2.3 ataleko planifikazio taularen bitartez eta beharko balira doiketak egin. Horrez gain aurreikusi hurrengo zeregineko lanketa.