1.4 JARDUERA
Erronkaren aurkezpena eta hari-bideratzaileak
Irakurri proiektua ardaztuko duen egoera (bideo moduan ere dago) eta ondoren Arkatzak erdira teknika baliatuz, erantzun talde txikian proiektuaren hari bideratzaileak izan daitezkeen galderei. Erantzunak talde koadernoan jaso.
Galdera gidari hauek proiektuaren ardatz nagusiak dira, eta aurrean duzuen erronkaren bidez eman nahi zaie horiei erantzuna.
Hari bideratzaileak
- Egitasmo bat martxan jarri eta garatu nahi denean, zer alderdi uste duzue kontutan hartu behar direla, egitasmo hori jasangarria izan dadin?
- Zein aliantza edo laguntzak bilatu daitezke egitasmo bat ekonomikoki bideragarria izan dadin?
- Zer eragin eduki dezake gure bizitzetan, gure kontsumo ohitura eta gizartearekiko jasangarriak izango diren ekintzetan aldaketak txertatzea?
- Talde mailan zein maila pertsonalean, nolako jarrerak erakutsi behar dira talde egitasmo bat aurrera eramateko?
AFINATZEA, EZ DA MUSIKA KONTUA BAKARRIK!
Musikari lagun batzuen koadrilakoak zarete. Orain hilabete batzuk zuen lagun horiek musika talde bat sortzeko itxaropenarekin, kide baten etxeko ganbaran elkartzen hasi ziren.
Hamaika entsaiu ordu pasa ondoren, musika taldea sortzeko ideia hura gorpuzten joan da eta orain zuen lagunek urrats bat gehiago emateko garaia iritsi dela erabaki dute.
Musika taldearen proiektua indartzeko eta taldeak zuzeneko kontzertuak ematen hasteko, lan batzuk ezinbestean egin behar dituztela aurreikusi dute, horien artean: musika ekipamenduan inbertitzea, entsaiu lokal merke bat lortzea, taldearen promozioa egitea …
Lan horiei eta kudeaketa ekonomikoari aurre nola egin ez dute oso argi eta horregatik, zuengana jotzea erabaki dute bestelako alderdi horietan laguntza eman diezaiezuen.
Laguntzeko prest azaldu zarete eta hori onartu duzuen momentutik, oharkabean musika taldeko manager eta komunikazio arduradunak bihurtu zarete; musika taldeko partaideak alegia.
Erronka horri erantzun eta egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoari jasangarritasunari lotutako bestelako irizpideak gehituz, zuen lagunei kultur proiektu edo egitasmo jasangarri bat martxan jartzeko aholkuak emango dizkiezue.
Horrez gain, hasi nahi duen talde bati laguntzeko egin beharreko lan horren inguruan sarean gauza gehiegi ez dagoela ohartu zaretenez, zuen proposamena bideo batean jaso eta plataforma batera igotzea pentsatu duzue.
Bideo hori, antzeko egoeran egon daitezkeen beste gazte batzuk laguntzeko euskarri ederra bilakatu daiteke eta etorkizuneko musika talde batzuen bultzatzaile bihurtu zaitezketela pentsatze hutsak, esfortzua merezi du ezta?
Ea egitasmoaren konposizioan barrena, urratsez urrats afinatuz, partitura ederra konposatzera iristen zareten!