3.6 Jarduera

3.6 jarduera
Gaztetxearen kasua

Zuen aholkularitza-zerbitzua primeran doa! Gero eta kontsulta gehiago jasotzen dituzue, baina ohartu zarete horietako asko zalantza berdinen ingurukoak direla, jende asko galduta sentitzen delako gai finantzariotan. Hori horrela delarik, kasu horietarako azalpen orokorrak argi eta garbi ematea erabaki duzue, denbora aurreztuko asmotan. 

Lanak banatu, eta zuei gazteen arazo eta kontuei buruzko txosten bat bidali dizuete. Txosten horretan, Iratxe Mendizabalek bidalitako e-mailak bildu dituzte –bera partaide den gaztetxean izandako zalantzak agertzen dira horietan–. Egiteko guzti hauek osatu itzazue taldeko koadernoan.

  1. Irakurri taldekide guztiek bildutako dokumentuak eta sailkatu gai finantzarioaren arabera.  
  2.  Bikoteka jarrita, aztertu gehien dakizuen gaiari buruzko dokumentua eta hor dauden galderak, eta prestatu horiei erantzuteko behar den informazioa.
  3. Bildutako informazioa argi eta modu erakargarrian emateko, erabaki zein euskarri erabiliko duzuen (infografia, esku-orria, argibideak, bideoa…). Erronkan zehar, ikusiak dituzue adibideak euskarri horietan.
  4. Egin ezazue ekoizpenaren zirriborroa, planifikazio-taula osatu ondoren.

KONTUAN IZAN

*Zeregina ongi egiteko komenigarria da aurrez Kontrol-zerrenda aztertzea, hor agertuko baitira lan on baten ezaugarriak

5. Amaitutakoan, hartu beste bikotekidearen zirriborroa eta zuzendu, kontrol-zerrenda erabiliz

Urriaren 12a

Egun on!

Iratxe Mendizabal naiz, eta lau lagunekin batera auzoko gaztetxea kudeatzen dut. Arazo bat dugu, eta zure aholkuaren beharra beharko genuke. Gure egoeraren berri emango dizut, lagunduko didazulakoan:

Gaztetxearen lokala herriaren kanpoaldean dago, Mendizahar bidean, eta bi pisu ditu. Behealdean agertokia, taberna eta aisialdirako gunea ditugu. Hor musika-talde berriek musika zuzenean jotzeko aukera izaten dute. Auzoko jendeak sarrera dohain du, noski, eta nahi duenean etor daiteke zerbait hartzera, lasai egotera eta musika entzutera. Talderen batek jotzen ez duenean, musika ipintzen dugu, giro atsegina jartzeko. Jendea gustura etortzen da, oso giro atsegina dugu eta.

Goialdean, berriz, gela batzuk, jantokia eta sukaldea ditugu. Gelak gauza askotarako erabiltzen ditugu: dohaineko ikastaroak egiteko, bilerak egiteko eta beste. Eta bazkariak eta afariak ere antolatzen ditugu. Jendeak jatekoa eta edatekoa kanpotik ekarri, sukaldean prestatu, eta jantokian egiten ditu otorduak.

Lokala errentan hartua dugu oraingoz. Etorkizunean erosi egin nahiko genuke. Jabea oso jatorra da, eta 600 euro kobratzen dizkigu hilean, nahiz eta lokala oso handia den (300 metro koadro ditu guztira; 150 solairu bakoitzean). Udalak, 750 euroko diru-laguntza ematen digu, eta horrekin alokairua eta gainerako gastuak ordaintzen ditugu. Gastuak ez dira handiak, nolanahi ere: argindarraren faktura 50 euro ingurukoa izaten da; urarena, berriz, 30 eurokoa edo. Aseguru bat ere badugu, badaezpada ere, eta hilero 20 euro inguru pagatzen dugu. Zergak ere ordaintzen ditugu (zaborrak, ura eta beste) eta urte osokoa 12 zatitan banatuz, 20 euro inguru ateratzen zaigu hileko. Tarteka sortzen zaizkigu ezusteko beste gastu batzuk ere, konponketaren bat dela, zerbait berritu beharra dagoela eta horrelakoak.

Edariak ere erosten ditugu tabernarako, baina nola erositako prezioan saltzen ditugun, hortik ez dugu irabazirik ateratzen. Musikariei ere ez diegu ordaintzen; akordio bat dugu: haiek musu truk jotzen dute (ez dute argindarrik eta ezer ordaintzen, noski) eta jendea ere debalde etortzen da musika entzutera.

Ematen ditugun ikastaroak ere dohainik dira. Ikastaroa ematera datozenek borondatez egiten dute; jendeak etxetik ekartzen du behar duen materiala, eta ez diegu ezer kobratzen.

Orain arte, ondo moldatzen ginen horrela; dena ordaintzeko lain iristen zitzaigun, eta jendea gustura zetorren gure gaztetxera. Hauteskundeak pasatu ondoren, ordea, problema latza sortu zaigu, udalean aldaketak izan baitira, eta zinegotziek diru-laguntzak urritu dituzte handik eta hemendik. Diru-laguntza horien artean, gurea murriztu dute. Gutun bat hartu dugu eta horren bidez jakin dugu hurrengo hiletik aurrera, 750 euro jaso beharrean, 200 euro baino ez ditugula jasoko.

Imajinatuko duzun bezala, egundoko sustoa hartu dugu. Berehala hasi gara dirua ateratzeko moduak asmatzen: kontzertuetarako sarrerak kobratzea, edarien prezioak igotzea tabernak, ikastaroetara datozenei zerbait kobratzea, bazkariak edo afariak egiteagatik kuota bat ordainaraztea… Kalkulu hauek egin ditugu: Tabernan izango genituzkeen irabaziak: 0,8 euro inguru irabaziko genuke edariko, eta hilean 200 edari inguru jartzen ditugu.

Ikastaroengatik jasoko genukeena: 20 pertsona inguru datoz hilean, eta bakoitzari 7,5 euro kobratzea pentsatu dugu. Kontzertuetako sarreretatik aterako genukeen irabazia: ez dugu oraingoz gehiegi kobratu nahi, baina gutxienez 0,5 euro kobratzea pentsatu dugu, eta 400 pertsona inguru biltzen dira batez beste kontzertuko.

Gauza da orain arte denerako iristen zitzaigula, baina hemendik aurrera ez dakigu zenbakiek zer emango duten. Nola egin dezakegu jakiteko hemendik aurrera gastu guztiak ordaintzeko modua izango ote dugun? Erabakiak hartu behar ditugu, eta zure laguntza behar-beharrezko dugu.

Mila esker,

Iratxe

Abenduaren 6a

Egun on, berriro ere!

Zure laguntza oso baliagarria izan zitzaigun aurrera egiteko, eta azken hilabeteetan horrela moldatu gara. Baina, antza denez, berri txarrak ez datoz inoiz bakarka. Atzo beheko pisuko sabaia erori zen. Aseguru-etxekoak etorri dira, eta perituak esan digu ur jario bat dagoela. Dirudienez, ur-hodiak oso zaharrak dira, eta sistema osoa aldatu beharko genuke. Komunak eta sukaldea ere berritu egin behar omen dira. Sabaia konpondu beharra dago, noski, eta busti diren hainbat altzari berritu ere bai. Aseguruak ez digu gastua ordaintzen, hirugarrenentzako asegurua baita, eta soilik kanpokoei egindako kalteak hartzen ditu bere gain.

Jabearekin hitz egitera joan gara, eta esan digu berak ezin dituela konponketak egin, oso errenta txikia ordaintzen dugula eta ez diola horrelako konponketak egiteko adina ematen. Berak nahiago du lokala ixtea edo saltzea, konpondu baino. Esan digu, nahi badugu, geuk egiteko konponketak eta trukean alokairua 500 eurotan utziko digula.

Aurrekontu bat eskatu dugu, eta 10.000 eurotan ateratzen zaigu konponketa egiteak. Guk ez daukagu hainbeste diru, ordea, eta ez dakigu zer egin. Nola lortu dezakegu dirua? Nork utziko liguke? Zer egin beharko genuke, ondoren dirua itzultzeko? Asegurukoak esan digu agian bankuak emango digula mailegu bat; aukera bat baino gehiago omen dago dirua lortzeko, baina gu zeharo galduta gaude. Laguntzerik izango al zenuke?

Kontu larria da, eta berehala hartu behar dugu erabakia. Ahal bezain azkar erantzutea eskertuko genizuke.

Ondo izan,

Iratxe

Ekainaren 5a

Kaixo!

Oraingoan berri onak dakartzagu, zorionez!

Hilabeteak daramatzagu Udaletxearekin eta Foru Aldundiarekin batera kultur ekintza bat antolatu nahian. Ideia Anderrek izan zuen: pentsatu zuen, gure lokalera jotzera talde asko datozenez, ondo legokeela musika-lehiaketa bat antolatzea gaztetxean. Obra egin ondoren, dotore geratu da, eta primeran dago horretarako.

Akordio hau egin dugu: talde bakoitzak 300 euroko inskripzioa ordaindu beharko du parte hartzeko, eta trukean talde irabazleari aukera emango zaio Aste Nagusian jokotzeko. Gainera, irabazleak eta bigarren eta hirugarren geratzen diren taldeek Gipuzkoako herri batzuetan jotzeko aukera izango dute jaietan. Kontzertu horiek ordainduta izango dira eta taldeak ezagutzera emango dira. Ateratzen dugun diru guztia gaztetxearentzat izango da. Udaletxeak lagundu egin nahi digu nolabait, diru-laguntza murriztu digula konpentsatze aldera.

Lehiaketa ekainaren azkeneko bi asteetan egingo da. 85 talde inskribatu dira dagoeneko. Lehiaketarako publizitate guztiak Udaletxeak eta Foru Aldundiak ordaindu dituzte. Konponketak egiteko eskatu genuen mailegutik pagatzeko falta zaigun partea (9.400 euro) lehiaketatik lortzen dugun diruarekin ordainduko dugu; sobratzen den dirua, berriz, gorde egin nahiko genuke.

Momentu honetan, gaztetxeak nahikoa diru ematen du gastuak ordaintzeko, eta, horrela jarraituz gero, ez genuke diru hori ukitu beharrik izango. Ez dakigu, ordea, aurrerago beste gasturen bat sortuko ote zaigun eta diru horren parte bat beharko dugun. Beharko ez bagenu, gorde egin nahiko genuke, noski. Hemendik aurrera, dena ondo badoa, urtero antolatzekotan gara musika-lehiaketa hori, eta, hartara, hemendik urte batzuetara, agian lokala erosteko moduan izango gara. Horrela, gurea litzateke eta lasaiago ibiliko ginateke (beti beldurrez gabiltza jabeak iritzia aldatuko ote duen, eta lokala saldu edo errenta igoko ote digun pentsatuz).

Gauza da ez dakigula zer egin, gure kalkuluen arabera, soberan izango dugun diruarekin. Non gorde dezakegu? Eta nola? Zer egin dezakegu? Zer aukera ditugu diru hori nonbait inbertitzeko, etekin gehiago eman dezan? Posible al da diruaren parte bat eskura izatea, inoiz behar badugu ere?

Zure erantzunaren zain geratzen gara. Aste honetan inskripzioen dirua jasoko dugu, eta ordurako zer egin jakin nahiko genuke.

Eskerrik asko,

Iratxe

Ekainaren 16a

Kaixo!

Konturatu gara azkenaldian arazoak ditugula ordainketak egin behar ditugun bakoitzean. Lau lagun gara; denok aritzen gara tramiteak egiten, eta askotan egin behar ditugu ordainketak.

Batzuetan badakigu aurrez zer ordainketak egin behar ditugun, baina denbora asko galtzen dugu bankura joanez transferentziak egitera. Modu arinagoa izan nahiko genuke bankuarekin tramiteak egiteko –transferentziak, ordainagirien ordainketak eta beste–. Ezin al ditugu ordenagailuz egin? Beste batzuetan, berriz, aurretik jakin gabe egin behar izaten ditugu ordainketak. Batzuetan eskudirua eramaten dugu aldean, badaezpada ere, baina beti beldurrez ibiltzen gara ez ote dugun galduko edo lapurreta egingo ez ote diguten. Pentsatu dugu agian txartelez baliatzea izango litzatekeela egokiena. Badakigu, ordea, hainbat txartel mota daudela eta ez dakigu zein aukeratu.

Gainera, txartelak zer kontutatik kenduko liguke dirua? Ez dugu nahi kentzea lokala erosteko aurrezteko dugun kontutik.

Mila esker,

Iratxe