3.4 Jarduera

3.4 jarduera
Aurrekontuak osatuz

Ikasten ari zareten finantzetako ezagutzak kuadrillan ere erabili nahi dituzue, eta zuen artean aurrekontuak aztertzea erabaki duzue, ziur zaudete-eta probetxugarri gertatuko zaizuela… Hala, zuk Mikeli laguntzea erabaki duzu; bere  gastuak eta irabaziak aztertuz, aurrekontua egiten lagunduko diozu, eta behar diren doikuntzak egiten ere bai. Gai sentitzen zareten neurrian, aurrekontuak egiten bakarrik ez, aurreikusten ere hasiko zarete etorkizunera begira.

1. Aurrekontua kalkulatuz

Mikeli bere aurrekontuak osatzen lagundu behar diozu. Ongi dakigun bezala, Mikel oso berritsua da, eta gehienetan ez diozu kasu handirik egiten. Dena den, oraingoan esaten dizun guztia arretaz entzun beharko diozu.

  1. Mikeli entzunez, apuntatu aurrekonturako beharrezkotzat jotzen dituzun datu guztiak. 
  2. Ondoren, aurrekontuak egiteko kalkulu-orri digitala beteko duzu: apuntatu gastu eta diru-sarrera bakoitza dagokion lekuan, aurrekontuak osatzeko irizpideen arabera. Irizpide horiek argi ez badituzu, jo ezazu dokumentu honetara. Informazio osatuagoa duzu hemen horren gainean.
  3. Kalkulatu ehunekotan zein pisu duen gastu mota bakoitzak bere aurrekontuan eta irudikatu ehunekoak ziklograma batean.
  4. Prestatu Mikeli adierazteko mezua.

Kontuan izan nahitaezko gastuen zenbatekoa ez dela komeni diru sarreren %30a baino gehiago izatea.

KONTUAN IZAN

* nahitaezko gastuen zenbatekoa ez da komeni diru sarreren %30a baino gehiago izatea

2. Aurrekontua doituz

Mikel oso pozik geratu zen; jada bazekien bere kontuak zehazki nola zeuden eta seguruago joka zezakeen gastu berri bat egiteko orduan. Hilabetea pasatu da, ordea, eta Mikelen Whatsappean mezu berri bat jaso duzu. Eskerrak Whatsappeko audioak idatziz jartzeko aplikazioa jaitsia duzula, horrela errazago lagunduko diozu eta. 

  • Lehen egindako kalkulu-orriari erantsi zutabe bat, hilabete berri honetako datuak sartzeko. 
  • Desberdintasunak alderatu eta eman dagokion aholkua Mikeli.

3. Baldintza ezberdinetako aurrekontuak kalkulatuz

Dagoeneko ondo trebatu zara aurrekontuak egiten eta aztertzen. Ondorioz, simulazio batzuk egitea erabaki duzu, akaso etorkizunean baliagarri gertatuko zaizkizulakoan. Horrela, premia sortzen zaizunean, hobe hartuko dituzu erabakiak.

Hemendik urte batzuetara bizi ditzakezun balizko egoera batzuk aurreikusi dituzu. Orain aurrekontu bat egin behar duzu egoera horietako bakoitzerako; horretarako, hipotesi-mailan, txantiloi bakoitzean agertzen diren diru-sarreretatik eta gastuetatik hamar aukeratu behar dituzu.

  1. Aurrekontu orekatua eta aurrezteko aukera ematen duena.
  2. Aurrekontu negatiboa (gastuak gehiago dituena sarrerak baino), baina gastuak murriztuz konpondu daitekeena.
  3. Aurrekontu negatiboa eta konponbide erraza ez duena epe motzean (gastu gehienak finkoak eta nahitaezkoak direlako).

KONTUAN IZAN

*Oso garrantzitsua da gastuak eta irabaziak ongi sailkatzea, zein bere aldetik, bai eta gastu motak ongi bereiztea ere. Garrantzitsua da, orotara, gastuak gutxiago izatea diru-sarrerak baino. Aldi berean, gastuen barruan, kontuan izan behar dugu nolakoak diren: zenbat diren nahitaezkoak, zenbat beharrezkoak eta zenbat baztertzekoak. Nahitaezko gastuak handiegiak badira, diru-sarrerak murriztuz gero, arazoak izango ditugu horiek ordaintzeko. Aldiz, gehienak baztertzekoak badira, diru-sarrerak gutxitzean errazago moldatuko gara egoera berrira…