2.3. Jarduera
Zereginak planifikatzen eta proiektua irudikatzen
Sortuko duzuen bideoaren mamia zein izango den argiago edukitzeko, bidean zer lan eta nola egin beharko dituzuen adierazteko ordua iritsi da. Planifikazioan murgiltzeko unea!
1. Lehenik, musikariek adierazi dizkizueten premietatik abiatuz, egitasmo bat aurrera eramateko eman beharreko urratsak edo garatu beharreko ekintzak aurreikusten ahaleginduko zarete. Lan honetarako orri birakariaren teknika erabili ezazue.
2. Irakurri dokumentu honen 3. atalean proiektua bideratzeko proposatzen diren gutxieneko zereginak eta hauen ebaluazio irizpideak eta alderatu horiek zuek aurreikusitako ekintzekin. Proposatzen direnak bat datoz zuek aurreikusitakoekin? Proposamenean agertzen ez den bestelako zereginik proposatuko zenukete? Zein?
Saia zaitezte egitasmoaren ekintza horiek (proposatutakoak eta berriak), aurrera eramateko bidea irudikatzen buru-mapa baten bitartez. Buru-mapa hori gelako horman itsatsiko duzue eta proiektuaren urratsak ikustarazteko baliagarria izango zaizue.
Buru-mapak sortzeko urratsak:
- Orri zuriaren erditik hasi, ideiak norabide guztietan mugitu ahal izateko.
- Ideia nagusia edo erronka sinbolizatuko duen hitza(k) eta irudi koloretsu bat erdigune horretan marraztuko da.
- Ideia nagusitik abiatuta, erdigunetik urrunduta kolore ezberdinetako adarrak marraztuko dira kanporantz, gako- hitz, ideia, ekintza edo zeregin garrantzitsuenekin. Kurbak marraztu daitezke, lerro zuzenen ordez (kurbek interes handiagoa pizten baitute). Adar bakoitzerako gako-hitz bat edo bi erabili. (Hitz bat gogoratzea errazagoa da esaldi oso bat gogoratzea baino).
- Gako-hitz horietako bakoitzetik adarrak sor daitezke, ekintza horien baitan egon daitezkeen ezaugarriak zehazten joateko. Erdigunetik urrundu ahala, marra meheagoak izango dira. Horrela, lotutako ideien egitura ordenatu bat sortuko da.
3. Osatu Ezagutzak biltzen: planifikazioa eta kontrol zerrenda taulako zereginen zutabea, dokumentu honek proposatzen dituen zereginak bertan agertzen direla bermatuz eta zuek proposatutako bestelakorik balego bertan integratuz.
Adostutakoak idazkariak idatziko ditu Taldearen Koadernoan duzuen planifikazio taulan.
4. Osatu bigarren zutabean zeregin horiek ongi betetzeko ezaugarriak. Lehena egina duzue adibide gisa.
Ezaugarri horietako batzuk buru-maparen irudian ere txerta itzazue.
Aurrerago (4. atalean) osatuko duzue egitasmoaren bideoari dagokion planifikazio taula.
5. Osatu planifikazio taulako azken hiru zutabeak. Arduraduna ipintzen duen zutabean, zeregina ondo burutzearen erantzulea nor izango den adierazi. KONTUZ! horrek ez du esan nahi zeregina berak bakarrik osatu behar duenik.