2.2 jarduera
Zer eta zertarako jakin behar dugu?
Erronkari arrakastaz aurre egiteko, zer jakin beharko duzuen eta zein helburu landuko dituzuen ezagutzeko garaia da.
1. Taldeetan banatuta, bota ideiak, asmatu ahala, erronkari aurre egiteko beharko dituzuenak zehazteko: zer jakin eta egiten jakin beharko duzuen eta zer izaten jakin beharko duzuen, eta idatzi denak zerrenda batean. Horretarako, kontuan hartu erronkaren eskakizunak agertzen diren bideoa.
2. Irakurri erronkaren helburuak, eta azpimarratu ulertzen ez dituzuen atalak. Ulertzen ez dituzuen alderdiak argitzeko, galdetu irakasleei edota beste taldeetako kideei. Jarraian, sailka itzazue jakin beharreko eduki bakoitza helburu bakoitzari dagokion lerroan.
3. Adostu zuen taldean helburu bat, eta idatzi ezazue osatu berri duzuen taularen azken lerroan. Helburu hori –zuen erronkari aurre eginez, talde gisa lortu nahi duzuena–, desberdina izango da emandako helburuen aldean. Horretarako, jarraitu 1-2-4 egitura kooperatiboari.
- Taldekide bakoitzak taldearen koadernoan idatziko du, bere ustez, taldeak izan beharko lukeen helburua. Lehenik aukeratu talde-lanaren trebezia eta, ondoren, horren helburuak. Behar izanez gero, erreparatu beheko lagungarriei.
Adb. Talde funtzionamenduko trebeziak aplikatzea, taldekide bakoitzak ideiak botatzean horiek arrazoitzea eskatuz
- Ondoren, elkartu binaka, bateratu ideiak, eta idatzi taldearen koadernoan.
- Amaitzeko, laukotea elkartu eta adostu taldeko helburuak, taldekide guztien artean.
TALDEAN IKASTEKO ETA LAN EGITEKO TREBEZIA SOZIALAK
-Taldeak eratzea: zaratarik gabe mugitzea, taldean mantentzea, ahots tonu apala erabiltzea, txanda errespetatzea, taldekideei nori bere izenez zuzentzea.
-Taldearen funtzionamendua kudeatzea: iritziak eta ideiak partekatzea, ideiak arrazoitu ditzaten eskatzea, guztion parte-hartzea sustatzea, laguntza edo argibideak eskatzea eta behar denean eskaintzea, sentimenduak deskribatzea eta adieraztea, taldekideak animatzea, besteen baieztapenak aintzat hartzea.
-Formulazio-trebeziak baliatzea: besteen esanetan zehaztasuna bilatzea, argudio landuak ematen saiatzea, gogoratzeko moduak proposatzea, taldeko kide guztiek ulertu dugula berrestea, planifikatutakoa denok barneratu dugula baieztatzea
-Sustatze-trebeziak baliatzea: ideiak kritikatzea eta ez pertsonak; taldekideen arteko ideien desberdintasuna argitzea; ideia ezberdinak bakarrean integratzea, arrazoiak eskatzea; besteen erantzunak osatzea, erantzun gehigarriak sortzea, talde lanaren bideragarritasuna ebaluatzea.